XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), beren printzipioek eraginda adierazi duten materia edo gorpuztun substantziaren deskripzio lainotsu eta zehazgabeak eta Aristotele eta beronen jarraitzaileengan aurki daitekeen materia prima delakoaren antigoaleko eta hain irrigari utzitako nozioak.

Hedadurarik gabe bururaezina da sendartasuna; eta agerian jarri izan denez gero hedadurarik ez dela existitzen substantzia ez-pentsatzaileetan, horrexek berorrek izan behar egia sendartasunari dagokionez ere.

12. Zenbatasuna adimenduaren sorkari hutsa dela, beste nolakotasunak hura gabe existitzen direla onartuta ere, begien bistakoa izango da zera kontutan hartzen duen edozeinen ikusirako: gauza berak zenbaki-izen ezberdinak hartzen dituela, adimenduak aspektu diferenteetatik ikusi ahala.

Horrela, hedadura bera bat da, edo hiru edo hogeita hamasei, segun eta yardarekiko, oinarekiko ala hatzbetearekiko erlazioan ikusten duen adimenduak.

Hain agerian da erlatiboa zenbatasuna, eta gizakien enteleguaren hain menpeko, non bitxi gertatzen den pentsatzea nola eman diezaiokeen inork existentzia absolutua adimendutik at.

Liburu bat, orrialde bat, lerro bat esaten dugu; denak dira unitateak, batzuek besteetako hainbat edukiarren.

Eta exenplu bakoitzean argi dago unitatea adimenduak nahierara elkarturiko ideien konbinapen bati dagokiola.

13. Badakit batzuek uste dutena unitatea, adimenduan beste ideia guztiei lagun egiten dien ideia bakun edo ez-konposatu bat dela.

Unitate hitzari erantzuten dion horrelako ideiarik daukadanik neuk ez dut aurkitzen; eta baneuka, uste dut aurkitu egin beharko nukeela; izan ere, bera izango luke etxekoen nire enteleguak, beste ideia guztiei lagun egiten omen dienez gero eta zentzazio eta gogoeta era guztien bidez hautematen.

Hitz batean, ideia abstraktu bat dela.

14. Zera gehituko dut oraindik, filosofo moderno batzuek frogatzen duten bezala (...).